XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gasteizko Gobernu osaketa berria

Jauregi: Karga nazionalista oro kendu dugu aurreko programatik

EAJ-PSOE akordioak Espainiako politikan eragina duela dio buruzagi sozialistak

Ramon Jauregik atzo azaldu zuenez, aurreko programatik karga ideologiko nazionalista guztia kendu du PSE-PSOEk Gasteizko Jaurlaritzan sartuz.

Sozialistekin beste era bateko politika egiten dela azalduko dugu dio Jauregik bere alderdia gobernuan sartu eta ordu gutxitara.

DONOSTIA

EAJ eta EE alderdiek EAEko Gobernurako PSE-PSOErekin izenpetu duten programa berriak planteamendu sozialisten eduki inportantea duela uste du Ramon Jauregi, sozialisten idazkari nagusiak.

Programa erabat desberdina da, ez du aurrekoarekin zerikusirik adierazi du Vasco Press agentziak zabaldutako elkarrizketan.

Aurreko gobernutik kendu egin dugu karga ideologiko nazionalista guztia, frentismo ideologikoaren klabean zegoen karga guztia, bai hizkuntza arloan, kulturalean...

Arrazoiaren lengoaia ekarri dugu, errealismoarena azaltzen du buruzagi sozialistak.

Espainiako konstituzioari eta Gernikako Estatutuari buruzko elementu berriak ere sartu direla dio.

Argitasun handia emango du honek etorkizunari begira, ambiguitaterik ez duelako eta iritzi publikoari segurtasun haundia emango duelako zehazten du Jauregik.

PSE-PSOEk Gasteizko Jaurlaritzara bueltatzearekin duen asmoari buruz, sozialistekin beste era bateko politika egiten dela herri honetan azalduko dugu dio Ramon Jauregik.

Aurreko legealdian nagusi izan ziren baloreak berreskuratuko dira, hau da moderaziorako joera egongo da politikan, pragmatismo eta errealismorako joera zehazten du.

Aurreko hirukoitzaren porrota, EAJ-EA-EE, eta Ardanzak gobernukide berri bat aurkitzeko izan duen beharraren ondorio bezala zera ateratzen du Jauregik: EAJ izan da okertu dena, EAJ eta lehendaria dira iritzi publikoaren aurrean porrot egin duen operazioaren erantzule bezala agertzen direnak.

ESPAINIAKO POLITIKAN ERAGINA

Euzko Alderdi Jeltzalearekin EAEn lortu den akordio politikoak dudik gabe, Espainiako politikan, hitzarmen autonomikoan eta bi alderdien arteko harremanetan izango du eraginik dio PSE-PSOEko idazkari nagusiak.

Gure negoziazioaren azpian dago hori ere, baina ez formalki edo espreski gaineratzen du.

Datozen hauteskundeen ostean PSOEk Madrilen beharrezko izan dezakeen laguntzan pentsatu dela onartu du, baina ezin dela oraingoz ezer aurreratu.

Orduan zer gertatzen den ikusi beharko da, baina EAJ-PSOE paktuak funtzionatzen jarraituko du hauteskunde horiek datozenean ere adierazi du.

Euskadiko Ezkerrarekin hurbilketa ideologikoa egotea nahi dut

Euskadiko Ezkerrak gobernuan jarraitzearen inguruan, EAJk horrela nahi zuela eta ez zegoela kanporatzeko arrazoirik dio Jauregik.

Gainera, PSOE eta EEk desenkuentro historia bat izan dute, eta horrek nik nahi dudan hurbilketa ideologikoa ekar dezake uste du.

AUTOBIDEA ETA AJURIA ENEA

Irurtzun-Andoain autobidearen inguruan, ez dago gure kalkuloetan bitarteko irtenbide bat bultzatzea azaldu du buruzagi sozialistak.

Uneotan A-2 bultzatzea da gure jarrera politikoa eta horrela izaten jarraitzea espero dut dio.

Jose Maria Benegas PSE-PSOEko lehendariak ere autobidea izan zuen aipagai herenegun, gobernu programa izenpetu eta gero.

Bere alderdiak Batzar Nagusietan A-4 alternatibari ezezkoa emango diola esan zuen.

Uneotan hori da gure jarrera, esan zuen Benegasek.

Ajuria Eneako itunaren bilera berri bat egiteko denbora gehiago utzi behar dela pasatzen uzten du.

Elkarrizketa, ezerreko eskua, behar da giza kontaktuei eta baita politikoei ere berriro ekiteko adierazten du.

Dena den, hitzarmenak funtzionatzen jarraitu behar duela ziurtatzen du, norbaitek bere kontra egiteko asmoa duela ikusiz gero, joateko aukera eta arriskua onartu behar dugu.

Lurraldea-Galdos akordioak Ajuria Eneako hitzarmenaren kontra egin duenik ez du uste.

Asunto honetan hitzarmena ez da ongi erabili izan.

Ramon Jauregik ez du oraingo gobernuan parte hartuko.